NIK SINISTEN DIZUT


2017. urteko Urriaren 8an, Bilboko Solokoetxe auzoan, NIK SINISTEN DIZUT, EMAKUMEEN EGIA AITORTU ekimena burutu genuen. Gure herrian “euskal gatazka” deiturikoa beste biolentzia batzuekin elkargurutzatuta egon denaren konbentzimendutik horiek ikusgarri egiteko helburuz aritu ginen. Artean eta bereziki, euskal emakumeen bizitzetan, askotariko inguru eta egoeretan, ikaragarri eragin duen indarkeria matxistak.

Horretarako, indarkeria sexistaren askotariko adierazpenak bizi izan dituzten emakumeak bildu genituen, elkarri aitortzea eta sinesgarritasun ekintza egiteko asmoz. Izan ere  askotan, emakumeen hitza eta kontakizuna zalantzan jarria izaten da. Ekimen honen bidez, Emakumeen arteko elkartasuna sustatzea (emakume guztion artean) eta emakumeen parte-hartzea bultzatzea bilatu genuen. Behin ekitaldi politiko hura eginda, ekimen hau gure herri eta auzoetara hedatzearekin amets egiten dugu, horren beharrezkoak ditugun aitortza herritar zabal, plural eta inklusiboak bultzatzen joateko.

Ondoko lerroetan, ekimenaren informazio gehiago aurkituko duzu. Nahi izanez gero zuen herri, auzo edo eremuetan antzeko ekimenak abiatu nahi izanez gero, lagungarriak izan al zaizkizuen euskarriak ere.

MANIFESTUA

Gure herria bakegintzaren zereginean murgildu nahirik dabil eta ahalegin horretan ari da Foro Soziala. Horrek halabeharrez biolentziei behatzeko beharra dakar berekin. “Euskal gatazka” deiturikoak eragin dituen urraketa eta zauriak jaso eta lantzea alegia. Ariketa horretan gaudela, gatazka horrek zuzenean eragindako biolentziak aitortzea, justizia egitea eta erreparaziorako urratsak ematea ezinbestekoa zaigu.

Gatazkaren ondorioak emakumeengan eta hauen ekarpena bake prozesuari izenburu duen Gogoetabidearen edo beste modu batez esanda, Foro Sozial iraunkorreko genero lan taldetik, eginkizun hori geure egin eta gaurko ekitaldi honen bidez zuekin partekatu nahi dugun gogoeta eta ekarpena osatu dugu:

  • 1.Euskal gatazkak eragindako biolentzia politikoaren altzora biolentzia matxista jazo da, eta oharkabean igaro da. Guk itzaletik argira ekarri nahi dugu hori berori. Begirada partzialak argazki osoak egitea nekeza baita.

  • 2. “Euskal gatazka”-ko biolentzia horiek egiturazkoa den emakumeen aurkako beste biolentziekin batera jazo da, eta horrela darrai. Biolentzia sexistak ez baitu muga ez etenik. Izan ere sistema honek sortzen dituen pertsonen arteko menpeko harremanak berregitea eta sakontzea du helburu. Ondorioz emakumeon aurkako biolentziak arazo politikoa dira, lehen mailako arazo politikoa gure ustez. Ikusi besterik ez dago gure herrian bost egunetan bi emakume erail dituzte eta.

  • 3. Indarkeria sexistak milaka aurpegi, ahots, adierazteko forma eta esparru ditu, gaurkoan ikusiko dugun moduan. Gure iragana eta oraina zipriztintzen dituen biolentzia horren erakusleiho txikia osatu nahi dugu gaur. Zentzu horretan gure eskerrik beroenak beraien gorputz eta ahotsa ekarriko diguten emakumeei.

  • 4. Gure ustetan, erreparazioa eta justizia lortze bidean, lehen urratsa gertatutakoa zalantzan ez jartzea eta sinestea da, finean, aitortzea. Horregatik, antolatu dugu gaurko ekitaldia, ozen adierazi nahi dugulako “nik sinisten dizut”. Izan ere, emakumeon aurkako biolentzia horiek normalizatu eta isilarazi egin ohi dira. Ez dira aintzat hartzen, gertatu ez balira bezala jardun eraziz. Are gehiago isiltzeko gomendatu eta agindu zaigu maiz. Emakumeon hitza zein bizipenak bigarren mailakotzat joz edota zilegitasuna ebatsiz. Gutxiegitan ipintzen dira emakumeon bizipenak lehen lerroan, eta gehiegitan, zoritxarrez, ez digute sinesgarritasuna aitortzen.“Ez dela horrenbesterako izan”, “erasoa handitzen ari garela”, “ez dela emakume izateagatik izan”, “zerbait egingo genuela geuk ere”. Funtsean aurrez aurre dagoen errealitatearen aurrean beste aldera begiratzeko ariketa. Gertatu zaiguna eta egin digutena ukatu, estali eta gutxiesteko estrategia. Badirudi, Gure hitzak,gure kontakizunak, gure gorputzek balio gutxiago dutela gizartearentzat. Baina bada bai. Hau gertatu da, hau gertatzen da eta hau gertatu zein gertatzen zaigu.

  • 5. Bakegintza ariketa kolektibo honetan, euskal emakumeen bizitzetan, askotariko inguru eta egoeretan, bizi izan dugun eta dugun egiturazko biolentzia hau prozesu orokor horren baitan kokatu nahi dugu. Bestela nekez eraikiko baitugu guztion ongizatea zutabe izango duen bakea, nornahi asetuko duen bakea.

  • 6. Horretarako emakumeok geure arteko elkartasuna sustatzea, zabaltzea eta bide horretan sakontzea bide emankorra izan liteke. Funtsean emakumeok prozesu honetako eragile aktibo bihurtuz, gure parte hartzeari ateak zabalduz.

  • 7. Gaurko hau, bide horretan geure lehen ekarpena duzue.Gure gizartea eragile askok osatzen dute: Erakundeak, komunikabideak, herri eragileek…baina baita geure auzoek, herritarrek. Gure desioa: emakumeen egiarekiko aitortza herritarra abian ezartzea. Gaur osatzen ari garen “nik sinesten dizut” erraldoia pixkanaka Euskal herriko txoko guztietara hedatzea. Emakumeon egia elkar aitortuz, “nik sinesten dizut” leloa bakea eraikitzeko tresna bihurtu dadin.

Beste errekurtso batzuk